XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Diruaren balioa

Sistema kapitalista baten, dirua da nagusi.

Dirua daukan gizonak, indarra ta posizino soziala dauka; ta dirua ez daukanak, gizartearen beherengo mailan dago.

Adibidez: guraso pobreen semeak, eskolatik urtenda, amalau edo amasei urtegaz lanean asten dira (edo denda baten errekaduak egiteko, edo hotel bateko botones, edo fabrika baten aprendiz nahiz pintxe moduan).

Familia aberatsetakoak, kolejioetatik urtenda, universidadera doaz; eta diruaren truke, jakintza lortzen dabe.

Hau zuzentasunaren kontra doan ezkero, edota oposizinokoak indarra egiten dabelako, sistema kapitalistetako gidariak aldakuntza batzuek egiten asi dira.

Orain, sistema kapitalistetan, sozialismoaren programetatik asko artu dabe.

Adibidez*, seguro sozialak eta orain, estadu askotan, guztientzako irakaskintza, estaduaren kontura.

Nik ez dot esan nahi, sistema sozialista baten barruan, guztia ona izango danik.

Alde batetik, ez naiz bizi holako sistema baten barruan; eta bestetik, ba dakit gizonak egindako gauza guztiak ez dirala osorik onak.

Beti dauke utsunen bat.

Baina bai esan neike, sistema kapitalistetan gauza asko dagozala oraindino aldatu beharrekoak, zuzentasunak, justiziak, holan eskatzen daualako.

Gero ta gehiago, diruari bere balioa, bere nagusikeria kendu behar jako.

Gizarte zuzen baten, gizonak izan behar dau nagusi, ta bere zerbitzuan ipini behar da beste guztia.

Exenplo bat ipiniko deutsuet.

Ilten da gizon korriente bat, ilero zortzi edo bederatzi mila peseta irabazten dituana, ta itxiten dauz emaztea ta iru seme, zaharrena amar urtekoa.

Bankuan, ehun mila peseta bakarrik daukez.

Zein da familia honen etorkizuna?.

Derrigorrez, karidadera jo behar.

Ta karidadea eskatzea, gauza mingarria da.

Andra gaixo horrek bere senideekana joan beharko dau laguntza eske.

Lanean asi beharko dau.

Umeak, problema bat.

Dirurik ez eukitea...

Gizarte baten, diruaren nagusitasuna kendu arte, ez da zuzentasunik egongo.

Holan, ba, seguro sozialak asko zabaldu ta indartu beharko dira, andira, alargunak, umezurtzak, zaharrak... ondo babestuta egon arte.

Era berean, aberatsei inpuesto aundiagoak ipiniaz, bide zuzenago batera joan geintekez.

Orduan, hori lortutakoan, bigarren problema bat ikutu beharko litzake: seguro sozialen zuzendaritza esku onetan egotea.

Holan ez balitz, oker batetik urten ta beste batean sartu besterik ez geunke egingo.

Xabier Gereño.